Archive for the ‘Uncategorized’ Category

JAMAIKAR ARIMA

Toots and The Maytals taldeak ska-soul doinuz beterik utzi du Bilboko Kafe Antzokia

Eragin izugarria izan du talde jamaikarrak Euskal Herriko panorama musikalean. Askok ez dakiten arren, 80.hamarkadako punk mugimenduari hegoak eman zizkion taldeetariko bat da Toots and The Maytals. Begiratu besterik ez da egin behar bertan erein zuten hazia: Kortatu taldeak ezagun egin zuen “Sarri sarri” kantuaren bertsio originala, The Maytals taldeak konposatu zuen, eta Fermin Muguruzak Brigadistak diskoan sartu zuen “54-46” kantua aldiz, haien kantu ezagunenetarikotzat hartu daiteke.

Agian horregatik dago “Jardines de alvia” bezala ezaguna den plaza gazte kaxkamotzez beteta. Erromantiko itxurarekin, egun batez Piperrak eta R.I.P alde batera utzita, aitona Toots Hibberts-en istorioak entzutera doaz Kafe Antzokira. Koadrodun alkondarak eta tiranteak, bakero hertsiak eta Dr. Marteens botak. Badira baita ere, antzoki atarira hurbildu ahala, rasta potolodun emakume eta gizonak, pare bat korbatadun eta urduri aurpegia duen gazte bat neska noiz etorriko. Sarrerak balio zituen 18 euroak ez dute mitoa bera bota. Ez eta ere denon ahotan dagoen krisiak, halako iluntzeek ahazteko balio dute.

Jada ate beltzak igarota, marihuana usainak hartu du guztia. Irriparreak eta giro ona, eta eszenatokia instrumentuz beteta, gero datorrenaren abisu izan nahi balu legez. Guztia ez da bete, lekurik bada dantzarako. Eskuetan hiru euroko kaña darama lehenengo filara doan mutilak, momentu batez joana zaio irria. Zain da jendetza.

Halako batean, jendea aztoratzen hasia denean, han non atera diren taldeko kideak biraren nekea aurpegian dutelarik. Toots falta da ordea. Guztiak arraza beltzeko jamaikarrak; gitarristetako bat gaztea, gainerako musikariak zaharrak. Urteetako esperientzia azaleko orbanetan tatuatua dute. Haiekin igo da aurkezlea ere: “Basque Country!! Toots and The Maytals!”

Guns of Navarone pieza skatalitikoarekin hasi dute gaua. Baina Toots Hibberts falta da. Jendea saltoka zerbeza ezin zutik mantendu. Irriparreak, marihuana… baina Toots Hibberts ez da eszenatokira igo oraindik. Espektazioa nabari da salto eta salto artean, aurreko emakume rastafariak harridura keinua egin du, “Y Toots que? No sale?”
Esaldia amaitzerako, txaleko koloretsu bat soinean eta toaila lepoan, atera da kantari ezaguna. Oihuek ixilarazi dute musika une batez; kaxkamotzak aztoratu dira, ez, Athletikek ez du golik sartu. Lehenengo kantua amaitzerako 18 euroak txiki geratu direla dirudi.

Pressure drop aukeratu dute bigarren kantutzat, hasiera indartsua. Batek baino gehiagok oroitu du Joxe Ripiau taldearen “Presaka” bertsioa. Bati baino gehiagori jarri zaio oilo ipurdia; batez ere, Toots lehenengo filako jendeari eskua ematen hasi zaionean, “We love you!” dioen bitartean. Hori da hori jarioa, hori ahotsa. Nabari zaio bere gaztaroa, May Pen herri jamaikarreko eliza ebangelistan, igaro zuela gospel koro batean kantari.

Errepertorio osoa bota dute bilbotarrentzat: Monkey man, Country Roads, Bam Bam… Jada badirudi nekea joana zaiela jotzearen jotzez. Azken kantu gisa utzi dute “54-46”, euskaldunok aski ezaguna duguna Fermin Muguruzari esker. Kontzertuak berdindu du aniztasuna, batera dantzan aritu dira rastafariak, kaxkamotzak, bikote maiteminduak eta korbatadunak. Maitatzen erakutsi digu Toots Hibberts aitonak. Agerian utzi du euskaldunon jamaikar arima.

Tom Waits- ‘Orphans; brawlers, bawlers & bastards’

Tom Waits ez da neurriari erreparatzen dioten horietakoa. Bat-batean, hiru disko ekarri dizkigu. Guztira, 56 abesti. 30 bakarrik dira berriak, eta haien artean zenbait edizio arraroetan aurki daitezke, baina Tom Waitsen argitarapen berria ospatzeko modukoa da. Denbora beharko du entzuleak hiru diskoek dakarten guztia bereganatzeko. Primeran inbertitutako denbora.

Artistaren alderdi guztiak azaldu dira bilduma honetan: 1973an piano balada garratzak kantatzen zituena, Downtown train edo Hold on bezalako kantuak egiteko gauza dena, eta baita esperimentu zalea ere, Swordfishtrombones bezalako diskoetan ezagutu genuena. Abeslariak hiru zatitan banatu du lan hau, izenburu orokorra Umezurtzak; gatazka zaleak, oihulariak eta sasikumeak jarriz.
tom

Lehendabizikoa, Brawlers, denetan errazena da. Bertan Tom Waitsen blues-rock alderdia dugu, Heartattack and vine diskoaren estiloan. Lan horretan T-Bonne Burnett, Howlin’ Wolf eta abarren arnasa senti daiteke. Testuei dagokienez, bluesak ohiko dituen elementuak erabilita (damua, patua, errua…), Tom Waits sinesgarri azaltzen da Low down eta Putting on the dog kantuetan, besteak beste.

Bawlers-en tabernako piano abeslari zurruteroa dugu. Gitarra desagertu da eta bateria kolpe haiek eskuila igurtziak bihurtu dira, abeslariaren tonua ere aldatuz. Hemen November eta Innocent when you dream bezalako kantuetako Tom Waits da erreferentzia. Long way home, esate baterako, bere kantu handienen tamainakoa da. Bestalde, Little drop of poison ederra dugu, tangoaren moduko erritmoan abiatuta.

Hirugarren diskoak, Bastards-ek, kaliforniarraren alderdi zailena jaso du, askatasun osoz esperimentazioan hasten den Tom Waits hura, baita spoken-word zatiak ere, musikarik gabekoak. What makes mankind alive delakoak zabaltzen du, akordeoia eta mandolina azpitik, Tom Waits Cabaret filmeko aurkezlea balitz bezala kantatzen, behar baino gehiago edan duen gau batean ikuskizuna iragartzen. Disko honetan Book Of Moses edo King Kong nabarmenduko nituzke. Azken horrek Tom Waitsen ahotsa du ia elementu bakarra, bere ohiko arnasak eta kakofoniak tartean. Hiru disko dira eta bakoitzak bere ukitua dauka, baina hirurek jaso dute azken mendeko artista handienetako baten esentzia.