Archive for the ‘Indie’ Category
Tom Waits- ‘Orphans; brawlers, bawlers & bastards’
Tom Waits ez da neurriari erreparatzen dioten horietakoa. Bat-batean, hiru disko ekarri dizkigu. Guztira, 56 abesti. 30 bakarrik dira berriak, eta haien artean zenbait edizio arraroetan aurki daitezke, baina Tom Waitsen argitarapen berria ospatzeko modukoa da. Denbora beharko du entzuleak hiru diskoek dakarten guztia bereganatzeko. Primeran inbertitutako denbora.
Artistaren alderdi guztiak azaldu dira bilduma honetan: 1973an piano balada garratzak kantatzen zituena, Downtown train edo Hold on bezalako kantuak egiteko gauza dena, eta baita esperimentu zalea ere, Swordfishtrombones bezalako diskoetan ezagutu genuena. Abeslariak hiru zatitan banatu du lan hau, izenburu orokorra Umezurtzak; gatazka zaleak, oihulariak eta sasikumeak jarriz.

Lehendabizikoa, Brawlers, denetan errazena da. Bertan Tom Waitsen blues-rock alderdia dugu, Heartattack and vine diskoaren estiloan. Lan horretan T-Bonne Burnett, Howlin’ Wolf eta abarren arnasa senti daiteke. Testuei dagokienez, bluesak ohiko dituen elementuak erabilita (damua, patua, errua…), Tom Waits sinesgarri azaltzen da Low down eta Putting on the dog kantuetan, besteak beste.
Bawlers-en tabernako piano abeslari zurruteroa dugu. Gitarra desagertu da eta bateria kolpe haiek eskuila igurtziak bihurtu dira, abeslariaren tonua ere aldatuz. Hemen November eta Innocent when you dream bezalako kantuetako Tom Waits da erreferentzia. Long way home, esate baterako, bere kantu handienen tamainakoa da. Bestalde, Little drop of poison ederra dugu, tangoaren moduko erritmoan abiatuta.
Hirugarren diskoak, Bastards-ek, kaliforniarraren alderdi zailena jaso du, askatasun osoz esperimentazioan hasten den Tom Waits hura, baita spoken-word zatiak ere, musikarik gabekoak. What makes mankind alive delakoak zabaltzen du, akordeoia eta mandolina azpitik, Tom Waits Cabaret filmeko aurkezlea balitz bezala kantatzen, behar baino gehiago edan duen gau batean ikuskizuna iragartzen. Disko honetan Book Of Moses edo King Kong nabarmenduko nituzke. Azken horrek Tom Waitsen ahotsa du ia elementu bakarra, bere ohiko arnasak eta kakofoniak tartean. Hiru disko dira eta bakoitzak bere ukitua dauka, baina hirurek jaso dute azken mendeko artista handienetako baten esentzia.
Lisabö- Ezlekuak Pasaia Antxoko kultur etxean

Gaurkoan Lisabo entzun ahal izan dut zuzenean Pasaia Antxoko kultur etxean.
Borroka batean sartu naizela iruditu zait, jipoitua atera naiz kultur etxe txikitik. Ostikadaka txikitu naute talde irundarraren kitar kolpe melodiko zorrotz eta kaja kolpeek… zulatutako platu edo antzeko hark… ahots kaotikoak… Trumoi bat bezala da kantu bakoitza, kantuan dakien trumoi bat… harrigarria benetan.

Apurtutako musika doinuak dira, barrenak mugiarazten dizkizuten zarata armonikoak.
Harrituta geratu naiz benetan. Ez nuen hainbeste indar espero… bataila galdu dut.
Ezagutzen ez nuen musikaren aurpegi bat ezagutu dut, eta pozik nago. Musikak ajea duenean erakusten duen aurpegia edo kasketa on bat harrapatu ondorenekoa… edo… edo melankonia hutsez egindako irriparre gaiztoa.
Ilargi beteko gau batean izan da hau guztia; ilargi betez, galtzada baten zehar joanda, bost euro ordainduta eta zorte apur batekin lortutako sari bat. Lehen aldiz, gustora jaso dudan jipoia. Goizeroko kafesnean itotzea bezalakoa…
Lisabö.
Leave a Comment
Leave a Comment