Archive for the ‘Alternative’ Category

Jamiroquai- Travelling with out moving

Tom Waits- ‘Orphans; brawlers, bawlers & bastards’

Tom Waits ez da neurriari erreparatzen dioten horietakoa. Bat-batean, hiru disko ekarri dizkigu. Guztira, 56 abesti. 30 bakarrik dira berriak, eta haien artean zenbait edizio arraroetan aurki daitezke, baina Tom Waitsen argitarapen berria ospatzeko modukoa da. Denbora beharko du entzuleak hiru diskoek dakarten guztia bereganatzeko. Primeran inbertitutako denbora.

Artistaren alderdi guztiak azaldu dira bilduma honetan: 1973an piano balada garratzak kantatzen zituena, Downtown train edo Hold on bezalako kantuak egiteko gauza dena, eta baita esperimentu zalea ere, Swordfishtrombones bezalako diskoetan ezagutu genuena. Abeslariak hiru zatitan banatu du lan hau, izenburu orokorra Umezurtzak; gatazka zaleak, oihulariak eta sasikumeak jarriz.
tom

Lehendabizikoa, Brawlers, denetan errazena da. Bertan Tom Waitsen blues-rock alderdia dugu, Heartattack and vine diskoaren estiloan. Lan horretan T-Bonne Burnett, Howlin’ Wolf eta abarren arnasa senti daiteke. Testuei dagokienez, bluesak ohiko dituen elementuak erabilita (damua, patua, errua…), Tom Waits sinesgarri azaltzen da Low down eta Putting on the dog kantuetan, besteak beste.

Bawlers-en tabernako piano abeslari zurruteroa dugu. Gitarra desagertu da eta bateria kolpe haiek eskuila igurtziak bihurtu dira, abeslariaren tonua ere aldatuz. Hemen November eta Innocent when you dream bezalako kantuetako Tom Waits da erreferentzia. Long way home, esate baterako, bere kantu handienen tamainakoa da. Bestalde, Little drop of poison ederra dugu, tangoaren moduko erritmoan abiatuta.

Hirugarren diskoak, Bastards-ek, kaliforniarraren alderdi zailena jaso du, askatasun osoz esperimentazioan hasten den Tom Waits hura, baita spoken-word zatiak ere, musikarik gabekoak. What makes mankind alive delakoak zabaltzen du, akordeoia eta mandolina azpitik, Tom Waits Cabaret filmeko aurkezlea balitz bezala kantatzen, behar baino gehiago edan duen gau batean ikuskizuna iragartzen. Disko honetan Book Of Moses edo King Kong nabarmenduko nituzke. Azken horrek Tom Waitsen ahotsa du ia elementu bakarra, bere ohiko arnasak eta kakofoniak tartean. Hiru disko dira eta bakoitzak bere ukitua dauka, baina hirurek jaso dute azken mendeko artista handienetako baten esentzia.

Karelean- (Zarauzko gaztelekuan)—–lurrak eta zeruak elkar ukitzen duten lekuan…

Karelean

Lurrak eta zeruak elkar ukitzen duten leku hori… kitar soinu bortzitzez, ahots doinu izugarriez, trumoi hots dirudien baxu gogorraz, bateriaren kaja kolpeaz eta trikiaren melodiaz bete zuten gaztelekuko areto ttikia. Pena da lekua. Aukeran akustika hobeagoa duen leku bat nahiago karelean osotasunean, oparo entzuteko. Baina ez badago, ez dago eta… ezin asko egin.

Hala ere, izugarri gozatu genuen kontzertuaz. Indarra transmititzen duen talde honek, momentu batzuetan Itoiz gogorarazten zidan, beste batzuetan aldiz Lisabö, eta besteetan… besteetan Sorkun. KOnklusio xinple batera iritsi nintzen: Karelean soinua da.

Hiru euro gustura laga nituen talde hau ikusteko, entzuteko eta kontzerturen batera joatera animatzen zaituztet.

http://myspace.com/karelean

Lisabö- Ezlekuak Pasaia Antxoko kultur etxean

Lisabö

2008ko Apirilak 19, Pasaia antxoko kultur etxean
Musika gustuko dut. Musika, eta honek ematen digun guztia. Melodia eta letra, zein atmosferaren arteko nahasketa horrek barrenak kilikan ipintzen dizkizu eta gero ezin duzu ihes egin. Harrapatuta geratzen zara, nota arteko mundu hipotetiko batean galdurik. Transmisio hori magikoa da… magia egin dezake musikak… musikak ezagutzen gaitu, gutaz dena dakiela esan daiteke. Eta aldi berean ez dakiela ezertxoere.

Gaurkoan Lisabo entzun ahal izan dut zuzenean Pasaia Antxoko kultur etxean.

Borroka batean sartu naizela iruditu zait, jipoitua atera naiz kultur etxe txikitik. Ostikadaka txikitu naute talde irundarraren kitar kolpe melodiko zorrotz eta kaja kolpeek… zulatutako platu edo antzeko hark… ahots kaotikoak… Trumoi bat bezala da kantu bakoitza, kantuan dakien trumoi bat… harrigarria benetan.

lisabo.jpg

Apurtutako musika doinuak dira, barrenak mugiarazten dizkizuten zarata armonikoak.

Harrituta geratu naiz benetan. Ez nuen hainbeste indar espero… bataila galdu dut.

Ezagutzen ez nuen musikaren aurpegi bat ezagutu dut, eta pozik nago. Musikak ajea duenean erakusten duen aurpegia edo kasketa on bat harrapatu ondorenekoa… edo… edo melankonia hutsez egindako irriparre gaiztoa.

Ilargi beteko gau batean izan da hau guztia; ilargi betez, galtzada baten zehar joanda, bost euro ordainduta eta zorte apur batekin lortutako sari bat. Lehen aldiz, gustora jaso dudan jipoia. Goizeroko kafesnean itotzea bezalakoa…

Lisabö.